XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ETEKIN POLITIKOEN KONTUA

ASKOK uste du eta esan ETAri esker lortzen dituela Eusko Alderdi Jeltzaleak etekin politikoak, hau da, zorioneko transferentziak.

Uste horretakoak dira katalanak. Rodriguez Ibarrak, berriz, ozen eta petral salatu izan du. ETAk ere horixe aitortu ohi du bere agirietan: EAJk lortu duen apurra guri esker lortu du

Madrilgo gobernuek jakingo dute zenbateraino den egia.

Baina Gernikako Estatutua betetzeko jarri dituzten maratilak ikusirik ez dirudi bortizkeriari beldur haundirik izan diotenik.

Oraindik ahalbide potzoloak ditugu eskuratzeke eta lortutako askori etengabeko azpijana egin diote.

Dena den, gezur hori egia balitz ere, Euskadiren mesederako etekina lortuko luke abertzaletasun demokratikoak, bortizkeria dela eta.

Baina bortizkeriak ez dio abertzaletasun demokratikoari indartzen laguntzen, alderantziz baizik.

Beste batzuei, berriz, botoak ematen dizkie bortizkeriak.

Horrek ez du esan nahi sufrimendurik gabe lortzen dutenik beren alderdietarako etekin hori.

Une honetan gorriak ikusten ari dira PPko zinegotziak.

Baina, Garaikoetxeak esan bezala, Mayor Orejaren irmokeria negozio haundia da PPrentzat.

Zinegotzi bat hiltzen dioten bakoitzean jende eta boto asko biltzen zaio PPri.

Irmokeria horretarako erabiltzen duen ala ez, beste kontu bat da.

Baina bortizkeria eta bortizkeriaren kontrako irmokeria, nahita edo nahi gabe, oharturik edo oharkabean, negozio haundia bihurtu zaio PPri, minak min.

Minari etekina ateratzeko tentaldian politiko asko erortzen da, zoritxarrez.

HBrena nabarmena da, noski.

Presoen egoerari, poliziaren erantzun gogor eta hileta bakoitzari saiatzen da bere mozkina kentzen.

GAL mingarria bezain emankorra gertatu zitzaion ezker abertzaleari. Minari etekin haundiak kendu izan dizkio.

Hori da guztien beste alderdi guztien iritzia. Minaren negozio hori HBri salatu ez dion alderdirik ez da hemen.

PP haserretu egin zaio Garaikoetxeari. Baina Miguel Angel Blancoren aldeko eta haren hilketaren kontrako oldarraldiaz eta Blanco familiaz nola baliatzen den ikusirik, ez al du hori pentsarazteko biderik ematen? Hala uste eta esan dute beste alderdi guztietako buruzagiek, kontu gehixeagoz edo gutxixeagoz.

Bistakoa da, jakinekoa denez, sozialistek nolako gorakada egin zuten Enrique Casas hil zietenean.

Eta oraintxen ere ez daude etekinik gabe geratzekotan, antza denez.

Bestela ez lirateke lehendakaritzarako Totorica Ermuko alkatearengan pentsatzen ibiliko.

Ordu larri haietan gizon polita agertu zenez, boto-biltzaile egokia izango dela uste dute.

Baina larrialdi bateko merezimenduez eta ezagupideez gainera, beste zer du lehendakari izateko? Ez dakigu.

Hoberena delarik ere, lehenaz gainera, bortizkeria bihurtuko luke politikagintzaren ardatz.

Badakigu Atutxak ere gizon egokia dela erakutsi duela, behin eta berriz, eta boto asko bilduko lituzkeela.

Baina horri bakarrik begiratu behar al zaio?

Bortitzei egurra emateak etekina ematen du.

Eta Pinotxet salatzen duen askok ere isildu eta zuritu egin nahi du GAL.

Jokabide hori gogorarazi dien Txabarrirekin, behintzat, gogor haserretu eta asaldatu dira.

Baina sozialistek Francoren garaian zikindutako polizia gehiegi eta golpista gehiegi eduki zuten aginpidean.

Barrinuevo buru zen sailetik ere bahiketa eta hilketa asko egin zuen taldea sortu eta babestu zen.

Egurrak beti eman ditu botoak. Espetxeak bakarrik bildurtzen ditu orain ere.

Minari etekina ateratzeko tentaldian politiko asko erortzen da, zoritxarrez